Blogia
Loaren sarea

Patu gazia

Patu gazia Ogi zati bat jaten dudanean, zotina etortzen zait, hip, barkatu. Bakailaoa eskatzen dut beti afaltzeko, pil-pilean, usainagatik. Atzera begira bizi den itsas gizon ohia nauzu. Duen oro gainean daraman horietakoa: amaren aurpegiaren tatuaia haren hileta egunean egin nuen. Beste besoko bihotzaren erdian Carmen jartzen duela uste dut. Ez dut noizkoa den gogoratzen.

Ez zait hitz egitea gehiegi gustatzen. Bakartia naizen arren, isiltasuna ez dut gogoko. Behin izan nuen emaztearekiko errespetuz, ez naiz berriro ezkondu. Lehen bai txortan egin, haragi eta larruarenak Ingalaterran egitea atsegin nuen. Han ingelesez egiten baitute gehienek, hori gustuko dut.

Loak ez nau derrepentean harrapatzen. Afrikan bizi dela uste dut: han arinago hartzen ninduen. Hemen ron tragoskagatik izango ez balitz... Baina ez dut gehiegi edaten, ez pentsa: neurrian hartzen ditut nik ardoa eta rona. Erre,..., hori bai, gehiegi erretzen dut. Begira nola ditudan hatzak. Horixkak, bi eskuetan gainera! Hip, barkatu, berriz ere, zotina. Txanponik ba al duzu solte? Makinarako.

Bakailaoa pil-pilean eskatu zuen afaltzeko. Bakailaoa bakardadearekin. Arrain artean emandako bizitza gazi-gozo baten ondorioz, usain umel eta sentsuala iruditzen zitzaion, hari zeriona. Nik berdina hartuko dut, esan nuen zigarrokina berpiztu nahi eta ezinean nola zebilen erreparatzen ari nintzen bitartean.

Islandian ibilia naiz gaztetan, jarraitu zuen, Ontzi handi horietako batean, kontatzen zidan. Ez omen zen barkuan ezertarako lekurik egoten. Launakako kabinetan egiten zuten lo, elkarrekin korapilatuta, hotzak hezurrak herdoildu ez ziezazkien, aldamenekoen odolaren bor-borra eta taupada traketsen erritmoan arnastuz. Eztul artean. Itsasoak gazitu zidan azala eta lehortu bihotza, oroitzen zuen malkorik gabeko itsasgizon zahartuak, begiak Errioxako ardotan bustitzen zituen artean.

Portu bakoitzean amorante bat izan ohi duten horietakoa ez, kontrara, portu bakarreko marinela zen, izanez, bakartia, maitalerik gabea. Orduka ordaintzen zituen haragiaren plazerak, akaso, ez dut oraindaino halakorik ziurtatzerik izan. Itxura guztien arabera, ez zuen gustuko intimitateari kutxatik irteten uztea. Mila portutako ehundaka tabernatako barretan erdipurdika eserita imajina dezaket.

Gogoan dut eztarria alkoholetan bustia zuen arrats hartan afaltzen ari ginela, kontatu nahi izan zidana. Istorioaren zati batzuk zotin artean narratu zizkidanez, ulertu ez niona nik neuk gaineratu dut.

Istorio bitxiak kontatzen zizkidan igande euritsuetan. Euritsuak ei ziren Islandiako oroimenak. Begi txikiekin narratzen zituen bertan jazotakoak. Gauza haiek guztiek logura ematen ziotela uste izaten nuen batzutan. Izan ere, begi handiak zituen berez. Gizon mardula zen oso, azala zimurtua zuen, urteek atximurka egin izan baliote bezala. Itsasoaren haserrealdi bakoitzak orban bat utzi izan balio, ez luke aurpegia zulatuagoa izango.

Emakume batekin izandako esperientzia kontatu nahian hasi zen. Neska bat ezagutu zuen, Hitz egitea besterik ez dut nahi, esan omen zion hasiera-hasieratik. Ordaindu beharko didazu hala ere pixpi, Noski, noski ulertzekoa da. Zigarroa piztu zuen, hatzazal gorrien artean. Beraz, pirata deabru itxura horrekin, eta hitz egitea bakarrik duzu gustuko? Kea emeki-emeki botatzen zuen artean, hankak zabaldu eta galdetu zion, Tira ba, zertaz mintzo gintezke? Berrogei urte inguruko anderearen izterretan begi niniak dantzan izango zituen arrantzaleak orduan: Ez dakit ba, bakarrik sentitzen naiz itsasontzitik kanpo.

Hizketaldi arineko neska otu zitzaion ilegorri hura. Biak ere bakardadeak sortzen zien beltzune mingarriaren inguruan mintzatu ziren. Hogeitamar minutuak bete zirenean, joan beharra zeukala eta, ezin zuela luzaroan gelditu eta,..., baina, emakumeak eskutik heldu zion eta indarrez oherantz eraman zuen itsas gizona.

Islandiatik iritsi berri zen arrantzaleak, prakak erantzi aurretik, etxe hartatik alde egin zuen. Diru-zorro zaharkitutik aurretik adostutakoa atera eta egongelako besaulkian utzi zituen bi bilete eta hanka arteko berotasuna. Portuko karriketan behera, aspaldiko gau hartan zebilen haizeak buru urdindua betirako hoztu ziola esan zidan ahopeka, jatetxeko mahaian erdi etzanda, edalontzi hutsa eskuartean zuela, loak hartu baino lehen.

Batera eman genuen azken gaua izan zen atzokoa. Madrila autoz ekarri ninduen.Gaur epaitegira etorri da, abokatuarekin berriketan aritu da, baina, ni isiltasunean besarkatu nau. Adiorik gabe, gero arte gezurti eta esperantzagarri gabe. Arrainei ezkatak urtu arazteko moduko besarkada latz eta gogor bakar batez agurtu nau. Hemen ez dago arnasterik. Itsasontzi handiko kabinetan hiru egunez giltzapeturik egotea bezala omen zen, aire lodi eta astuna arnastezina egiten zitzaion.

Marmarrean ari zela iruditu zitzaidan hasieran. Isildu egin zen bat-batean. Bankuan eseri ginen. Aspaldi Madrila etorri nintzen. Itsasoa utzi eta trena hartzen nuen lehen aldia zen. Geltokira iristean, hanka lurrean jarri eta zerraldo erori nintzen, zorabiatuta bueltako biletea atera eta kostaldera egin nuen berriro ere. Ez nuen zerua ikusterik izan. Patu txarraren traza hartu nion orduan hiri honi eta hara non...

Ni ez naiz trenez etorri, ez naiz zorabiatu, baina, argi izpirik gabeko kaiola batean giltzapetu naute gaur. Zerura begiratu nahi izan dut, aitonak egin ez zuena lortu ahal izateko, baina ziega honen sabai zikinak ez dit ezer ikusten uzten.

0 comentarios