Blogia
Loaren sarea

HOTZ DA LURRAREN ERTZETAN

HOTZ DA LURRAREN ERTZETAN

Fur izango nintzela erabaki zuten arra edo emea suertatuko nintzen jakin baino lehenago.
Fur edo F.U.R., Finisterre, Ushuaia eta Rovaniemi batzen zituen izen laburrena delako jarri zidatela imajinatzea gustoko dut.
Finisterre
Hamabost urterekin bakarrik bidaiatu nuen lehen aldiz. Santiagok, aita zenak, bere azken borondatea zirriborratu zuen pleguan, oso argi adierazi zuen han IZAN nahi zuela betiko.
Haren errautsak munduaren amaieran sakabanatu beharra zela eta, bidaia luze bati ekin nion. Nire senari aurrea hartu izan banio, hegazkinez joan izango nintzatekeen, baina ez. Setatia
izaki, barneko ahotsari kasu egin eta hamabost egunetako abentura hasi nuen nire jaioterrian.
Rovaniemi
Minä olen suomalainen. Finlandiarra naizela alajaina. Ia-ia laponiarra. Ia-ia mapa-mundiaren goiko muturretik kanpokoa. Bizitzaren extrarradiokoa. Planeta honetatik atekoa. Munduan
atzerritarra, ni.
Etxean hotz egiten zuen. Amama Lauraren sukaldean bai goxo. Epela zen, janari usaiez hornitutako paretak zituelako agian. Gurean ordea ez zen giro. Lana, jana eta loa; loa, jana eta lana. Jana beti lana eta loaren artean. Ordena. Logika. Kronologia. Paretako erloju alemaniar zaharraren hotsak eta kexuak. Hotz egiten zuen etxeko gela guztietan.
Bertan, Rovaniemin, amak eta Santiagok, kasualitatez edo, Ipar Poloa batera koroatu zuten. Ospatzeko, ni munduratu ninduten ia hamar hilabeteren buruan, elkar ezagutu zuten puntu berean: Zirkulu Polar Artikoan.
Argentinarra Santiago, euskalduna Ane, finlandiarra ni, zirkuluan gu.
Ushuaia
Lurraren amaiera azpi hiru.
Ezagutzen ez nituen aiton-amonek ostatua zuten han. Santiago han jaio zen. Jende eta hizkuntza arrotzen artean murgilduta, portuan korrika, oso bakarrik. Santiagok kontatzen zizkidan ipuinengatik irudi distortsionatu bat besterik ez nuen bihotzean lurralde hari buruz.
Dragoi, munstro eta lami ederren arteko orgia eta gudei buruzko kondairez jositako muga. Paisaia polit ororen Meka. Errezorako leku aproposa. Portu txikia duela uste dut nik, baina
bisitaz gainezka imajina dezaket: marinelak, Patagonia zaldiz gurutzatu duten ipar-amerikano gizenak, gona motzdun neska gazteak, urtemugak ospatzearren jet pribatuetan iritsitako
aberatsak eta Santiago, beste muturrera saltoka edo igeri joateko desioaren berri edonori ematen, edozein hizkuntzatan, edonon, edonoiz.
Finisterre
Lurraren beste muturreko muga ezagutu nahi zuen Santiagok zenbait alditan marinelei entzun baitzien hari buruz marmarrean. Aitak, hamazortzi urte betetzean joaten utziko ziola agindu
zion, baina ez zuen esana bete eta semeak, hogeitabat bete zituenean, barku bateko kamarote bat okupatu zuen. Paradisutik irten eta ifernuetara igotzeko tiketa erosi zuen, bueltarik gabea.
Rovaniemi
Laku izoztuan bainua hartzen zuen Anek, saunaren ondoren. Euskal Herria utzi zuenetik, ohitura hori zuen. Ur hotzetan malko garratzak goxo bihurtzen ziren. Orbanak desagertu, bihotza gogortu eta zatitan hautsi. Ez zion ezerk minik egiten.
Finisterre
Iritsi nintzenean, Santiago zenak milaka bider deskribatutako moduan egin nahi izan nuen ibilbidea, hark ikusitako lekuak marraztu, hark zapaldutako harriak sentitu... baina ezin.
Santiagok hogei urte lehenago ezagutu zuen mutur hura, eta nahi edo ez, berandu nenbilen. Horretan ere aurrea hartu zidan. Denbora gazia zen. Itsasoak minutuak bustiko balitu bezala, pisuak izan ziren han pasatako berrogeitazortzi orduak. Baita aita nuenaren errautsak
itsasora sakabanatu ostean ere. Nire mataza beltzean hiru ile urdindu aurkitu nituen bueltako treneko komuneko ispiluaren aurrean orrazten ari nintzela.
Rovaniemi
Ama, amama Lauraren etxean utzi nuenean, irribarre txiki baten antza hartu nien haren ezpainei. Agian nire irudimen hutsa zen, baina ezetz pentsatu nahi nuen. Ama gustora eta lasai
zegoela Laurarekin, bazekiela Santiago ondo zainduko nuela helmugara iritsi arte eta ez nuela haren errautsik bueltan finlandiaratuko nire arropen artean edo. Berotasunez agurtu ninduten atarian. Ongi joan esan nahi izango zuten agian eta malko bi jaurti akaso, bakoitzak bana. Baina ez zuten hitzik edo malkorik sortzea lortu. Lehorrak zeuden. Santiagok pixkanaka lehortu zituen. Santiago lehorra munduko gune umelenean utzi nuen ironiaren mantupean.
Ondoren buelta hartu nuen. Egun eta erdira Laura eta Ane berrikusi eta Frantziako ur bedeinkatua eman nien oparitan: Santiago, urrun. Ura , gertu.
Ushuaia
Santiago zenaren etxean ez zen giro, ez behintzat haur batentzako modukorik. Asko, azkar eta gaizki ikasia eta bizia izan zen aita zena. Haren gurasoen azala, nik inoiz ere ezagutu ez nituenena, haize hotzak gogortua zegoen. Baina Santiago, aurpegi leunek erakartzen zuten. Kalean zebiltzan pertsonen leuntasuna imajinatzea gustatzen zitzaion. Begirada lizun bat nahikoa zitzaion batetik hamarrerako eskalan balorazioa emateko. Amets errepikakorrak izaten zituen portuko Lisaren azal beltzarekin. Beroa pasatzen zuen gauetan eta ibiltzera joaten zen Lisa non eta norekin arituko zen pentsatzen zuen bitartean. Santiagok kontatzen zuenez, bera 12 urteko mutil koxkor bat besterik ez zen Lisa hartu zuenean. Neskak bost edo sei gehiago izango zituela gehienez ere. Haren bularrak ukitzera iritsi baino lehen jakin zuen emakume
leuna zela.
Rovaniemi
Anerekin ezkonduta egonagatik ere, finlandiarren leuntasunaz gozatzeari ez zion sekula utzi Santiagok. Haren hainbat afizio aski ezagunak ziren inguruetan. Hainbeste bazekiten bizilagunek: gauza arraroak egiten zituen gizon arraroa zen Santiago.
Edo ez, eta oraindik ere arraroa da; eta ez da hil; eta amak lehortzen eta sofritzen jarraitzen du eta larunbata da; eta bizilagunek belarriak gure paretan dauzkate; eta ni gelan ezkutatu naiz; eta telefonoa eskuan dudala zain nago: kaleko atea noiz entzungo, ama hartu eta amamaren sukalde epelera eramateko.
Kondairak kondaira eta ipuinak ipuin direneko lurrak atzean utzi eta alde egiteko. Nire munduko mugetatik kanpo, munstro eta dragoiak errauts bihurtzen dituen suaren albora ihes egiteko.

0 comentarios